XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Soviet Batasunaren zatiketa

Batasun Hitzarmena izan zen atzo Kongresuan eztabaidagai nagusia

Atzo hasi zen SESBeko Diputatuen ezohizko V Kongresua Estatu kolpe saialdia eztabaidatzeko

Atzo hasi zen Moskun SESBeko Diputatuen V Kongresua, Estatu kolpe saialdiaren ondoren, Soviet Gorenak erabaki bezala.

Atzo erabaki ziren gauzarik garrantzitsuena Mikhail Gorbatxovek eta hamar errepubliketako lehendakariek sinaturiko Batasun Hitzarmen berriaren aldeko deklarazioa eztabaidagaietan sartzea izan zen.

MOSKU

Diputatuek manifestari batzuen pankartapetik iragan behar izan zuten.

Lehenengo egun honetan, eztabaidagaiak erabaki ziren, eta debateak presiditzeko lagunak hautatu ziren, Kongresuak hiru egun iraungo duela erabakitzeaz gain.

Eztabaidak presidituko dituztenak Mikhail Gorbatxov, SESBeko lehendakaria, Boris Ieltsin, Errusiakoa, Leonid Kravtxuk, Ukrainiakoa, eta Nursultan Nazarbaiev, Kazakhstanekoa izango dira.

Gorbatxovek berak eman zuen ezagutzera Diputatuen Kongresuan Batasun Hitzarmen berrirako hamaiken deklarazioa, lehendakari sovietarrak eta beste hamar errepubliketako lehendakariek sinatutakoa.

Bertan adierazten da Estatu kolpearen saildiaren ondoren, Estatu subiranoen arteko hitzarmen berria egitea galerazi zela.

Baina indar demokratikoek erreakzionarioei emaniko kolpeak azken hauek alde batera utzi eta eraldaketa iraultzaile eta progresistak aurrera eramateko une egokia bihurtu zen.

Horren ondorioz, Letonia, Estonia, Lituania, Moldavia eta Georgiak ez beste errepublika guztiek sinatutako deklarazioan argitzen da, Estatu subiranoen arteko hitzarmena sinatzeko dagoen premia ezinbestekoa dela.

Hitzarmen honetan Estatu subirano bakoitzak erabakiko du nola hartuko duen parte Batasunean.

Deklarazio honetan nabarmentzen da beraiek aldarrikatu duten status-a kontutan hartu gabe errepublika guztieri proposatuko zaiela hitzarmen ekonomiko bat sinatzea marko ekonomiko amankomuna eta askea eratzeko, herri honen funtzionamendua, bizi baldintzaren hobetzea eta erreforma ekonomiko erradikalak martxan jartzea bermatzeko.

Beraiek aldarrikatu duten status-a kontutan hartu gabe errepublika guztieri proposatuko zaie hitzarmen ekonomiko bat sinatzea.

Deklarazioaren hirugarren puntuak transizio garaian osatu beharreko erakundeak zehazten ditu.

Horrela argitzen du, Diputatuen Ordezkarien Kontseilu bat eratu behar dela, Errepublika bakoitza besteak bezain errepresentatua egongo delarik eta SESBeko 20 diputatu, Batasunerako Konstituzio berria egiteko.

Beste erakunde berri bat Errepubliken interes amankomunei dagozkien gaietarako SESBeko lehendakariaren burutzarekin Estatu kontseilua osatzea litzateke, bai barne zein kanpo arazoetarako.

Segurtasunari dagokionez, Armada bakar bat eratzea proposatzen da eta espazio militar amankomuna.

SESBek nazioarte mailan harturiko erabaki guztiak ere onetsiak izango dira, desarmeari buruzko tratatuak barne.

Giza eskubide zibilak onartuko dituen jarrera bat hartzea beste puntu bat da hamaikek sinaturikoa, eta azkenengoa da Estatu subirano guztiak Nazio Batuetan integratzeko eskaera.

Testua irakurri ondoren errepubliketako ordezkariek hartu zuten parte eztabaidetan.

Batasun Hitzarmena izan zuten gairik nagusiena.

Sinatarien artean Errusiako ordezkariak zeuden Hitzarmena sinatzeko prest argien agertzen zirenak eta Ukrainiakoek berriz, independentziarako erreferenduma egin aurretik ez zutela sinatuko adierazi zuten.